2010/05/03

Koaderno gorria: solasaldiari buruzko apunteak

Oraingo honetan, solasaldian inoiz baino jende gehiago bildu ginen. Zergatik? Ez dakit. Agian hobe da galdera hori erantzunik gabe uztea. Ziur asko arrazoia baino, kasu honetan, helburua da inportanteagoa .

Koaderno gorria liburua eskuartean genuela eman genion hasiera gure solasaldiari.
Denok ados geunden, liburu irakurterraza, istorio polita, jakin-mina mantentzen duen horietakoa. Zalantzarik gabe... gomendagarria
Hirugarren pertsona batek kontatzen du istorioa, hasieran distantziarekin, filma batean bezala; gero mantso-mantso narrazioan sartzen joaten da eta hasierako distantzia hurbiltasun bihurtzen da.

Emakumeen istorio bat

Ane Mayozen, saioaren dinamizatzailearen, eskutik pertsonaiak aztertzen hasi ginen. Ez zegoen duda izpirik, liburua irakurtzean denok konturatu ginen bertan agertzen diren emakumeek norainoko indarra duten.
Amona, ama, alaba edo amaren laguna dira istorioaren ardatza. Denak desberdinak, baina denak zuzenak, irmo beren erabakietan. Izenik gabekoak, alaba salbu, baina heldutasunez beteak, salbuespenik gabe.
Idazleak pertsonaia hauen bidez gai ezberdinak jorratzen ditu . Amatasuna, laguntasuna, maitasun falta, bakardadea edo haurtzaroa agerian gelditzen dira idazlan honetan

Interpretaziorako eta imajinaziorako uneak solasaldian

Gizonezkoen pertsonaiak ere aztertu genituen. Hemen gauzak aldatu egiten dira. Ahulezia eta koldarkeria, nagusitzen dira; ez guztiekin, baina bai narrazioan garrantzi handia duen gizon batekin . Aitaren pertsonaiaz ari naiz. Ulertezina gertatzen zitzaigun bere jarrera. Bertaratutakoen artean interpretazio desberdinak egiten genituen, baina ez dut hemen dena kontatuko. Norbaitek irakurri badu edo irakurtzera animatzen bada hementxe bertan idatzi ditzala bere burutazioak.
Liburuan agertzen diren koadernoen koloreez ere aritu ginen. Zergatik gorria amaren kasuan, edota zergatik beltza bere lagunaren kasuan?. Hau ere, solasaldi birtual baterako zintzilik utziko dut.

Bitxikeriak eta gure ezagupenak aberasteko uneak solasaldian

Adi eta interes handiarekin jarraitu genituen Anek, dinamizatzaileak, egindako ekarpenak. Metaforak, espazioa eta denboraren trataerari buruzkoak edo, bitxikeri gisa, izenburu berdinarekin liburuak idatzi dituzten idazleen aipamenak. Paul Auster (“The red notebook”) edo Benjamin Constant (“Le cahier rouge) , honen adibideak dira. Paul Austerren idazlanaren kasuan, gainera, kointzidentzia ez dago tituluan soilik, baita pertsonaia baten izenean ere. “L” pertsonaia hain zuzen ere.
Gure solasaldiak nobelaren erritmo berdina hartu zuen. Hasieran, distantzia mantenduz, bukaeran, denok buru-belarri, gustura elkarrizketan murgilduta bukatzeko.

Hurrengora etortzeko gonbidapena luzatzen dizuet. Informazio gehiago gure web orrian.

1 comentario:

  1. Euskaraz zer irakurri? Hori da askotan nire buruari egiten diodan galdera, eta liburu honek lortu du nigan irakurtzeko gogoa piztea. Irakurri ondoren erantzun beharko planteatzen dituzuen galderei.

    ResponderEliminar